Submitted by ereiten on

Image removed.Ederki gogoratzen ditut jai egun haiek, hura zen hura festa giroa gure lagunartekoa. Salbatore jaietan ohitura zen bezela herriko kale eta balkoiak gogoz apainduak agertzen ziren nolanahiko egunak ez zirela jakinaraziz.

Jaiei abuztuaren 5eko arratsaldean eman zitzaien hasiera eta ondoren gaueko ordu batak arte luzatu zen dantzaldia. Ziur bat baino gehiago ederki luzatu zela festen lehenengo egunean.

Jaietako egun handia Salbatore Deun eguna izan ohi da, urte horretan ere horrela suertatu zen. Abuztuaren 6ari goizeko zazpiretako txistulari dianak eman zion hasiera. Getariako kaletan zehar entzuten zen txistu eta danbolin hotsek zenbaiten lo goxoa aztoratuko zuen seguruenik. Baina herriko jaietan nor gelditzen da oheko izara goxoen artean? Ez al dira kaleko soinuak erakargarriago suertatzen? Beraz, dianari kasu egin eta bederatzietako kalejirarekin bat egitea onena! Gorputza dantzan esnatu ondoren, herriko zaindariaren omenezko meza nagusia eta agintarien mokadua ezin ziren falta gaurko egunez. Goiza borobildu eta gosea pizteko berriz 12:30tako dantzaldia. Bazkalostean eta indarberrituta eskupilota partiduaz gozatzeko aukera izan genuen, baina ezin pilotarien izenak gogoratu… Festa giroan jarraitu eta zein izan ziren ahaztu zitzaigun eta! Izan ere, zazpiretatik bederatzietara jo eta ke ibili ginen jazbanak jotzen zituen piezak dantzatuz. Hori da hori sasoia! Su artifizialen ikuskizunak eman zigun tregua ondo baino hobeto etorri zitzaigun arnasa berreskuratu eta berriro dantzaldira bueltatzeko.

Abuztuaren 7a, egun handiaren ondorena… gorputza jadanik ez zegoen lehen egunean bezain fresko, baina goizeko diana hotsa entzun bezain azkar egin genuen ohetik salto. Salbatore jaiak urtean behin izaten dira eta! Konturatzerako erraldoi eta buruhandiekin batera ginen kalejiran. Gainera, bazkalordua baino lehen txontxongilo ikuskizun ederraz gozatzeko eta dantzaldian zangoak astintzeko aukera izan genuen. Trago eta mokadu batzuk ere hartu genituen lagunartean; ezin jaiak lagunik gabe ulertu. Egun hauetako gorabeherek urte osoko kontakizunak bete izan ohi dituzte gure koadrilan! Elkartean bapo asetu ginen bigarren egunez… Kontu kontari eta kantuan amaitu genuen bazkaria eta itsas-jokoetaz gozatzera irten ginen kalera. Berriro ere eguna jazbanaren doinuak dantzatzen joan zitzaigun, nahiz eta bat edo bestek konpainia topatu zuen gaua goxotasunean amaitzeko.

Konturatzerako abuztuaren 8a iritsi zen, jaien azken eguna. Urte osoa Salbatore jaiak noiz iritsiko zain eta bazihoazen… Eguna aprobetxatu beharko! Diana… txistu eta danbolin hotsek ez gintuzten egun horretan ohetik hain azkar altsatu, ordu erdi beranduago izan arren. Hamabietako euskal dantzetara azaltzea lortu genuen, esnatzen eta indarberritzen lagundu zigun gosari oparoaren ostean. Ondorengo kontzertua entzuteko gogorik ez eta nahiago izan genuen indarrak arratsaldeko erromeriarako gorde. Fandango eta arin-arin doinuek altsarazi gintuzten eta gaueko jazbanak bere azken notak jo zituen arte ez genuen treguarik izan. Azken jai eguna, azken notak… Aio Salbatore jaiak, datorren urtera arte!


Oihana Artetxe

(1) 1965eko Salbatore Jaietako festa egitarauan oinarritutako kontakizuna.