
Elena Barrena Osoro, Wikipedian lanean jarraitzeko proposamen bat
Elena Barrena Osoro (Eibar, 1953ko maiatzaren 27), historialaria eta irakaslea, Gipuzkoako lurralde historikoaren erdi aroko historia ikerketan jardun du bereziki. Deustuko Unibertsitatean doktoratu zen Gipuzkoaren sorrera historikoari buruzko tesiarekin.
Artikulu hau idatzi eta amaitu dudan egunean, horrela deskribatzen du Wikipediak Elena Barrena Osoro1, deskribapen horretan bi erreferentzia eta bost esteka daude informazioa osatzen duten Wikipediako beste artikuluetara. Argazki bat badago ere infotaula automatiko nahiko hutsean, eta bestelako informazioak erakusten digunez badago Elenari buruzko Wikidata elementua2, eta Wikimedia Commons multimedia orrialdea3, argazki bakarrarekin. Artikuluaren kalitateari buruz, oraindik xumea da, ondo eraikia dago behar duen egiturarekin, baina edukiz osatu behar da. Artikuluak berak ematen digun kalitate neurketa informazioaren arabera, C-motako artikulua (4,09) da momentu honetan, eta tamainari dagokionez momentuan 4.125 byte ditu. Informazio hau ez da galduko epe motzean, baina espero dut Wikipediara konfirmatzera sartzen zaretenean datuak hobetuak egotea, hori baita Wikipediaren ezaugarrietako bat, kolektiboan etengabe hobetutako informazioa eskuragarri izatea. Etorkizunera begira, momentuko errealitatetik, idazten dizuet testu hau.
Bide honetan ezagutu dut nik Elena, Wikipedia editatzen, bere ikasle izandakoek estimu handiz, historiagintzan murgiltzeko irakasle izan zutenari gorazarre egiteko artikulu sorta abiatu zuten, eta solasaldi batean Wikipedian artikulurik ez zuela ikusi ondoren, artikulua abiatu nuen. 2024ko martxoaren 10etik du artikulua Elenak, berandu, euskaraz, baina beste hizkuntzetan ez, normalizatua daukagun egitura sozialak ere Interneten eskuragarri dugun informazioan ere asko eragiten baitu, Interneten historia ere prozesu sozial, ekonomiko eta politikoek gurutzatzen baitute. Baduzue ikerketarako gaia hemen nahi baduzue, baita Euskal Herrian lurraldetutako ikuspegitik ere.
Gure inguru hauetan gutxi egiten den proiektu mota sustatu dute Ereiteneko lagunek, bere lanaren eta esango nuke baita enpresaren erreferente intelektualaren lana berreskuratu, irakasle eta ikerlari bezala aitortu, eta zabalpen lan batera ekarriz, maitasun ekintza bat. Wikipediako edizio lanak ere izan dezake maitasunetik, baina sarean, liburuetan, erreferentzietan orokorrean jasotako informazioa jaso eta ordenatzea da bere helburu nagusia, ez du gorazarrerik onartzen, baina bai aitortza, ibilbidearena eta egindako lanarena, hor zentratu naiz, eta bide horretatik doa egiten dudan proposamena, Elena Barrena Osororekin Wikipedian lanean jarraitzeko proposamen bat.
Lanketa abiatuta dago, xume, hobetzeko asmoz, eta beste wikilarien ekarpenen falta du, baina pixkanaka egindako ekarpenen metaketan oinarritu beharko litzake egin beharreko lana. Hala ere, helburuak ere jarri daitezke, eta zergatik ez dugu bihurtzen Elena Barrena Osoro «artikulu nabarmen»? Horretarako edukien lanketarako estrategia txiki bat marraztu beharko genuke, eta lanean jarri. Hala ere, artikulua hobetzeaz gain, badaude albo-lanak, hala nola, Wikidata elementua ondo garatzea, multimedia eduki libreak lortu eta modu librean Wikimedia Commonsen jartzea, edo Elenaren artikuluan lantzen agertzen diren elementuen artikuluak sortu edo garatzea. Wikipediako lanek ez dute amaierarik, horregatik antolatzea garrantzitsua da. Goazen lanketarako bide-orri zirriborro bat marraztera, eta erabiliko ditugun zenbait tresna azaltzera.
Lehen helburua, aurretik esan bezala abiatuta dagoen Wikipediako artikuluarekin jarraitu, edukiz bete eta nabarmen bihurtzea izan daiteke, kalitatea handituz. Artikulu biografikoetan ez da onartzen norberaren artikuluak idaztea edo hagiografia estiloa erabiltzea, horregatik garrantzitsua da, beste edozein artikulutan bezala, atalak ondo pentsatu eta egituratzea, eduki osatua ematea, informazio berriekin osatzea, eta egiten den guztia erreferentziekin finkatzea. Artikuluak osatzeko modu estetikoak ere badaude, irudiak gehituz, informazioa tauletan jasoz, aipu esanguratsuak nabarmendu eta komentatuz, eta kasu honetan Elenak bere ibilbide akademikoan egindako lanen eta ikerketa ildoei zabalpen berezia ematen. Adibidez, zergatik ez dugu osatzen Wikipedian Gipuzkoa artikulua Elenak eta bere ildoa jarraitu dutenek landutako edukiarekin, eta zehatzago, La formación historica de Guipuzcoa lanaren artikulua ere egin dezakegu, pentsa zenbat informazio gehitu dezakegun urteurren urte honetan Wikipediara. Erreferentzietan nabigatuz, pentsa zenbat artikulu berri ekarri ditzakegun euskarara, zenbat untxi-zulo!
Bigarren lanketa bat abiatu gabe dago, Elena Barrena Osoro artikulua beste hizkuntzetara eramatea, agian euskarazkoa landuagoa dagoenean hobeto, baina zein garrantzitsua litzatekeen Gipuzkoak historikoki harremana izan duen beste bi hizkuntza nagusietan, gazteleraz eta frantsesez adibidez, eta komunitatearen gaitasunaren arabera zergatik ez ingelesez, esperantoz eta beste edozein hizkuntzan Elenak tokia izatea. Gaur egun gainera itzulpenak errazteko tresnak eskaintzen ditu Wikipediak bere edizio tresnetan. Ez dut edizio tresnez ezer aipatu, baina oso pozgarria da ikustea zein erraz dugun wikilari teknikoki ez jantziok, Wikipedia ongi editatzeko. Ez dago aitzakiarik.
Hirugarren ildoa, partzialki abiatua dagoena, bestelako wikitresnetan Elenari dagozkion elementu eta kategoriak ondo lantzen joatea da. Adierazgarriena, informazio multimediaren garaietan bizi garelako, Wikimedia Commons proiekturako edukiak jaso eta sortzea da. Elenak badu kategoria bat bertan, eta oraingoz argazki bakarra dago, bere biografia osatzeko Eta Kitto! Eibarko aldizkaritik berreskuratua lizentzia libreei esker, kasu honetan CC-BY-SA. Ai, lizentzia libreen garrantzia, Orionen espazio-ontziak sutan (sic) ikusi baditugu ere, dena galduko da ur-tanta bat itsasoan bezala, eta aro digitalean modu azeleratuan gainera.
Wikitresnen artean garrantzitsuena nire iritziz Wikidata da, eraztun ezagunak bezala, tresna guztiak batzen dituelako, botere ikaragarri handia emanez automatizaziorako, hizkuntza ezberdinetako tresna eta artikuluetan presentzia izateko, erreferentziak sortzeko, katalogatzeko, mapeatzeko, eta informazioaren komunala, herritarron esku dagoen tresna boteretsu bihurtzeko. Elenaren Wikidata elementua sortua dago, baina asko osatu daiteke. Sartu, eta proiektu hau ezagutzera gonbidapena luzatzen dizuet.
Laugarren, eta oraingoz azken lan eremua, edukien lanketarako estrategiari dagokio. Wikipedia eta wikitresnen ekosistema, momentuaren argazki bat izaten da, eta beste guztia bezala ez dago momentuko egoera eta marko soziopolitiko hegemonikoetatik salbu, ezta euskarazko Wikipedia ere. Hala ere, argazki bezala baino, Elenak historiari begiratzeko proposatzen duen moduan, ikusi dezagun Wikipedia eta bertan osatzen doan komunal digitala, gure errealitatearen isla eta eragile den prozesu historiko eta sozialei lotua, eta landu dezagun estrategikoki modu horretan. Wikipediaren ekosistema tresna digitalek eta hauek erabili eta garatzen dituzten komunitateek osatzen dute, eta komunitate hauek zeresan handia dute ezagutza digitalaren markoa ezartzerakoan. Wikipedian egiten dugun lana objektiboa da, baina ez neutroa. Ikuspegi horretatik, Wikipedia euskaraz osatzea ekintza politikoa da, eta ez makala gainera, zeren euskarari ezagutza digitalaren corpus izugarri handia eskaintzeaz gain, edukien aukeraketa eta lehenestea euskal komunitatearen ikuspegitik erabakitzen da.
Kokatzeko bi proiektu eta proposamen gehigarri bat. Elena orain arte Wikipedian ez egotearen arrazoietako bat, informazio digitalean eta Wikipedian dagoen genero arrakala estrukturala da, horregatik ere, garrantzitsua da bere artikulua existitzea, eta Euskal Herriko Wikilarien Elkarteak sustatzen duen 30.000 emakume4 wikiproiektuan kokatzen da, zeinak helburu duen euskarazko biografietan dagoen genero arrakala murriztea, horretarako helburu eta ekimen zehatzak proposatuz. Guk gehitu genezake emakume historialarien presentzia handitzeko ekimen kolektibo bat.
Beste wikiproiektua, apalagoa eta garapena behar duena, Herritarron Historia5 da, zeinak helburu duen historiaren ikuspegi soziala ikusezintasunetik atera eta Wikipediara ekartzea, horretarako historiaren lanketarako ikuspegi sozial eta herritarra landu duten autore eta ikerlariak ekarriz, eta ikuspegi honetatik abiatuta lanketa gutxi izan duten artikuluak sortu eta daudenak osatuz.
Proposamen gehigarria berriz hau da, Elenaren tesiaren eta Gipuzkoaren lehen agerpen idatziaren efemerideak aprobetxatuz, ondo antolatutako Iputza wikiproiektua sortu eta lantzera animatuko litzake norbait? Elkarlanean garatzeko, noski.
Adimenik ez duen adimen artifizialaren gorazarre garai hauetan, Interneten dugun informaziora sarbidea kakazten ari den bitartean, Wikipedia eta bere ekosistema da herritarrok lurralde digitalean dugun, oso materiala hau ere, hesitu gabeko komunal handiena. Bertan, txikitik abiatuta, eta gustukoen edo ezagunen ditugun gaietatik hasita egin dezakegu ekarpena norbanako eta kolektibo bezala. Gainera, nork idatziko du Elenaren ildoaren jarraitzaile talde batek baino hobeto, Elenak Gipuzkoako historiagintzan irekitako ildoari buruz, robot batek? Robotek eta adimen artifizialak eduki berria sortu dezakete, baina ez pentsamendu berria, eta informazioaren babes eta zaintza guneak eraikitzea tokatuko zaigun garaiotan, zer hobe Wikipedia pentsamenduz hornitzea baino.
Etorkizunaren nostalgiatik, iraganaren nostalgia erreakzionarioari aurre egiteko modu hoberenetako bat izango da informazio eta pentsamendu berriak sortu, jaso eta zabaltzea, Wikipedian adibidez. Jarraitu dezagun untxi-zuloetan beldurrik gabe sartzen.
Beñat Irasuegi
1Elena Barrena artikulua Wikipedian https://eu.wikipedia.org/wiki/Elena_Barrena (2025eko urtarrilaren 24ean kontsultatua).
2Elena Barrena Osoro Wikidatan https://www.wikidata.org/wiki/Q124790939 (2025eko urtarrilaren 24ean kontsultatua).
3Elena Barrena Osoro kategoria Wikimedia Commonsen https://commons.wikimedia.org/wiki/Category:Elena_barrena_Osoro (2025eko urtarrilaren 24ean kontsultatua).
430.000 emakume wikiproiektuaren orrialdea https://eu.wikipedia.org/wiki/Wikiproiektu:30.000_emakume (2025eko urtarrilaren 24ean kontsultatua).
5Herritarron Historia wikiproiektuaren orrialdea https://eu.wikipedia.org/wiki/Wikiproiektu:Herritarron_Historia (2025eko urtarrilaren 24ean kontsultatua).