
Errealitatea zen, ez zen fikzioa
Analisi politikoetatik landa eta, era berean, jada kostunbrista bihurtzen ari den filma nahiz komiki steampunk alboratuta ere, hainbat idazlek gure gizartearen dekadentziaren berri eman digute; literaturaren bidez, noski. Gizonezkoak dira aipatuko ditugunak, baina hau ez da hautu zientifikoa edo lagin zehatza.
Alde batetik, harrigarria zaigu Schlink alemanaren Die Enkelinen eta Butler estatubatuarraren Little faithen arteko antzekotasuna. (La nieta, Anagrama / La Petite-Fille, Gallimard ; Algo en lo que creer, Acantilado / Le Petit-Fils, Stock). Hara! Frantsesez emandako itzulpenak ere argigarriak dira gero!.
Ziur asko itzultzaileek belaunaldien arteko jauzia azpimarratu nahi izan dute tituluak egokitzean, nahiz eta, bistan denez, Schlinken kasuan jatorrizkoa errespetatu hitzez-hitz. Gainera, honen lan orokorrari dagokionez, nazismoaren eta horren ondokoak belaunaldiz belaunaldi nola barneratu diren azaltzea ohikoa izan. Oraingo honetan, ordea, ez du gaia erruduntasundik heltzen, joera horrek egun dituen ezaugarritik baizik. Hain zuzen ere, antzeko paisaia marrazten du Butlerrek. Munstroak ez dira jada beste mundu bateko izakiak, ez dira horrela etxean hezitu. Jakina, idazleek ez dute hortik ikerketa ekonomiko bat abiatuko, baina nondik norakoak aurkitzeko ez da oso urrun joan behar.
Jonathan Coe britisha da aukeratu dugun hirugarrena. Punk giroan abiatu zuen bere ibilbide literarioa eta orduz geroztik gizarte ingelesaren garapenaren berri eman digu honek. Halakoak tartekatu izan ditu beste estiloko idazlanekin. Orain dela hogeitamar bat urte, esaterako What a carve up! (Menudo reparto, Anagrama; Testament à l’anglaise, Folio), bere pertsonaiak Ingalaterrako gizarte klasikoarengandik gertu zeuden, Reginald Perringengandik ala Wiltengandik gertu hain zuzen ere. Azken hamarkadan, ordea, gizarte ingelesaren berezitasunak ez ote diren desagertu eta Middle England, Bournville edo argitaratu berria den The proof of my innoncence delakoan, pertsonaiak ingelesak ez ezik gure “mendebalde dekadentekoak” – “dekadentearrak” baino ez dira.
Alegia, azken 30 urte oraindik estereotipoek bazuten zentzua, balio zuten, bederen, nortasun bereko gizarteak eta haien subjektoak. Egun, berriz, aipatu ditugun nobeletan toki izenak kendu eta zaila liteke jakitea non jazotzen diren.
Hain zuzen ere, inongoa ez izatearen itolarria, herrikideek abandonatuta sentitu izana, nork bere burua eta berekoikeriaren aurrean geratu izana, zaurgarritasuna min sendaezina bihurtu izana… hiru idazle hauek jaso duten gizartearen ezaugarriak dira. Ez dago oso urrun, adibidez, Zerocalcarek Questo mondo non mi renderà cattivo seriean azaltzen duena.
Eta sentimendu mikatz horrek iragana hobea zela, lehen gauzak errazagoak zirela eta iragan-min guztiz erreakzionarioa elikatzen du. Purutasuna, originaltasuna, mizkintasunaren harrokeria gailentzen gaitu, ezin ulertu olatua beti dela berria eta aroan aro surfeatu behar dela, beti berria dela eta ez dela ez hemen ez eta norberaren arazo edo egoera, denona baizik.
Gertatu aurretik, gertatu bitarteko kronikak dira lan hauek guztiak. Agian “arazoa” modu komunean ulertzen lagunduko digutenak; agian soilik literaturarekin gozatzeko aukera emango digutena.