Submitted by ereiten on
Joseba Garmendia irakaslearen gaurko artikuluak zer pentsa eman digu. "Publikoa / Pribatua". Gara (2018-02-18). Image removed.Komunalen gainbeherari buruz hausnartzen du Garmendiak, Ostrom-ek ireki ildoa segituz. Erabiltzen dituen kontzeptuek EH-ko Historia berirakurri, berinterpretatu eta berridazteko aukera edo beharra ez ote duten irekitzen galdetzen diogu gure buruari. Izan ere, "publiko, pribatua, komuna" ez da izan ikerketen ardatza, nahiz eta hirukotea maiz agertu ikerketetan. Esate baterako, tokiko historia jorratzean edo udal administrazio tradizionala azaltzean, udalaren ondasun propioak eta udal-auzokoen jabetza komunak soberan ongi daude deskribatuta gurean. Aldiro, ostera, ikerkelariak zuzen ekin dio gai honi. Hala egin zuen Mikel Mari Karrerak Ondazilegi lanean, adibidez. (Gipuzkoako Aldundia, 2002). Alabaina, ondo gogoan dugu, Altzo herriko Historia laburtzean "ondazilegiak" aipatu eta hitza zein kontzeptua herrian zeharo desagertuta zeudela ikusteak gugan sortu harridura. Era berean, XIX. mendeko gerrak sortutako zorra ordaintzeko modua behin eta berriz errepikatu zela egiaztatuta dago: lur komunak saldu ziren zorra kitatzeko. Desamortizazioa ez ezik, gerra gastuak izan ziren herri lurrak esku pribatuetara pasatzeko biderik arruntena. Arlo honetan ere, gaiari modu gordin eta zuzen heldu diona badago, esate baterako Arantza Otaegi Gerra eta hazienda lokalaren krisia: udal ondasunen eta propioen salmentak Gipuzkoan, 1764-1814 (Gipuzkoako Aldundia, 1991) lanaren bidez. Deigarria da, gainera, Otaegi zein Karreraren lanak Nekazaritza foru sailak argitaratu izana. Eskerrak departamendu horri! Baina gai honen eragina ez da nekazaritza hutsean amaitzen. Gizartea ulertzeko eta antolatzeko modua hartzen du bere baitan honek guztiak. Horregatik, Patxi Juaristik Euskaldunak eta ondasunak lan bikainean (Pamiela, 2001) landutako ikuspegi propioa, hizkuntza hizpide, ezinbestekoa dugu afera borobiltzeko. Azken batean, mundu ikuskera bat dago komunalaren kudeaketaren atzean (eta gainean). Hara zer zioten Amezkoetako alkateek 1996. urtean, Urbasa-Andia Parkea kudeatzeko Nafarroako gobernuak kaleratutako planak errefusatzerakoan. Hauek herri-lurren balio ekonomiko eta oekonomikoa aldarrikatzen zuten, horrela: Sres. de Medio Ambiente, no se concibe amescoanos sin Monte Limitaciones, ni Monte Limitaciones sin amescoanos: éste es mucho más que un monte, es para nosotros como un precioso recuerdo de familia gracias al cual todavía subsiste es te pueblo, y aunque la economía de estos valles no depende hoy tanto como antes de él, la inmensa mayoría de los amescoanos lo queremos y mimamos, y como buenos hijos no consentiremos que lo lleven al asilo, aunque nos digan que allí lo van a cuidar mejor... “Monte Limitaciones y parques naturales”. Egin (1996-IX-13). Alegia, mendia ez da baliabide ekonomiko hutsala; nortasun sorrera da, Etxekoen osagai bat gehiago. Baliabidea izatekotan, Gizarteak ahalduntzeko baliabidea da, auzo edo bailara batek burujabe egiten duena. Horren ildotik, lurraren pribatizazioa eta ondorioz pribatitazioa defendatzeko garatu legeak eta ideologiak gizarte disziplinamendu berria ekarri zuen. Halabeharrez, jabego pribatua ez baitzen gertakizun naturala, soziala baizik. Kasu honetan, gure tesiaren hipotesia berformulatu liteke: pribatizazioak gizartea kontrolatzeko molde berriak sortu zituen, Estatu garaikidea eraiki ahala. Gatazka sozialaren adierazpen asko ere modu honetan multzokatu eta ulertu daitekeela pentsatzen dugu. Horrela, krimen odoltsu ugarik (Hiru Behien Zergaren oinarrian dagoena bezalakoa edo Gipuzkoan herri lurren erosle nagusiak pairatu zuena), sustrai komuna duten ala ez " herri lurren aprobetxamendua eta galera, hain zuzen ere- argituko genuke, esate baterako. Era labur batean, hau ere modu orokorrean, pribatizazioak hainbat mugarri izan du gure historian. Hauek ere modu isolatuan jorratu dira. Hau da, bere baitan ikertu dira, hasi eta buka. Mugarri hauetako batzuk, gainera, artxiboetan segitzen dute, ikerlariaren zai. Pribatizazioak, ondasun komuna besteratzeak, kate luzea osatzen du. Horren begikate posible batzuk: - XVI. mendean Gipuzkoan hainbat Jauntxo (Olazabal, Berastegi...) udal propioak bereganatzeko saioa. Herritarren erantzuna: epailearengana jo eta jauntxoa hil, adibidez. - XVIII. mendeko matxinada. - XIX. mendeetako gerrak: gerra gastuak ordaintzeko herri lurrak saldu. - XX. mendean: Nafarroako "corralizas" delakoen gatazkak. Gerra osteko errepresioakin zer ikusia izango zuelakoan. - XX. Mendean EH kontinentalean: auzokoren batek ondasunak galdu eta hauek enkantean jartzean, auzokoek enkantean parte hartu eta hura blokatzen zuten, auzokoaren mesederako. Honengatik guztiagatik, ondazilegien desagertzea eta pribatizazioak eraikitakoa biak uztartu eta herrenkadan berriz ikertzeari eta idazteari interesgarri deritzogu. Honen interesa bikoitza da, gure ustez. Batetik, gure gizartearen, ekoizpen-sistemaren eta mundua ikusteko gure moldearen genealogia egitea; bestetik, XX. mendearen amaierako zerbitzu publikoen pribatizazioaren ondoren, Europako udal frankok zerbitzuak berreskuratzeko urratsak ematen ari dira, eta ikerketa berriak mugimendu horiek zilegitzen lagunduko duelakoan gaude. David Zapirain Irudia: William R. Shepherd, Historical Atlas, New York, Henry Holt and Company, 1923