Submitted by ereiten on
Errege Magoen inguruko lehen aipamena orain dela mende askotakoa den arren, opariek alaitzen duten ume eta ez-hain umeei bideratutako ospakizun honi XIX. mendearen erdialdera eman zitzaion hasiera. Image removed.Ospakizunaren zergatia? Batek daki. Kuriosoa dena da, orain dela mende eta erditik, gizarte osoko zoko ezberdin eta ugarietako haurrak engainatzen ditugula. Iruzur honi itxura emateko, ahalmen ekonomikoa ezinbestekoa izango da, eta ahalmen hau familia batetik bestera edo etxe batetik bestera oso ezberdina izan da beti. Egun nabaria bada, pentsa nola izango zen 1898an. Argi dago, ospakizunari hasiera eman zitzaion unetik ume askori izugarrizko ilusioa piztu zitzaiela. Eskatu, ezin jakin hauetako bakoitzak zer eskatu izan duen, baina ez dago zalantzarik ume batetik bestera izaki magiko hauek sortutako ilusioaren prezioa oso ezberdina dela. Bestela, galde diezaiotela Espainiako Erregearen alabari edo edozein kaletar xumeren seme-alabei. 1898ko biztanle xume baten seme-alabek zer eskatzen zuten ez digu esaten Udal Artxiboak, baina bai Aldamar jauregiko alaba gazteak zer eskatzen zuen. Getariako soto partikular batean aurkitutako gutun baten hasierak honela dio: “Yo Blanquita Aragón y Carrillo de Albornoz Barroeta Aldamar y Elio expongo . . .” Momentu horretan 6 urte zituen aztergai dugun gutunaren egilea den honek. Blanca Carrillo de Albornozen alaba zen, Torres Etxeko markesarena alegia. Estatus altuko familia hau Aldamar jauregian bizi izan zela jakina da, Torres Etxeko markesgoaren bizilekua izan baitzen urte askoan. Aurreko lerroetan aipatu bezala, ahalmen ekonomiko handia zeukatela ukaezina da, eta “Blanquitak” osatu zuen oparien zerrenda da horren isla garbiena: - Kolore askotako arropak dituen panpina, eraztun urdin turkesa eta gozokiz betetako zakua, besokoa eta belarritakoak beretzat. - Velazquezen eta Holbeinen artelanak eta eraztuna bere aitarentzat. - Belusezko gorbata berde iluna, jantzia, txapela, Ama Birjinaren irudi urdina eta Jesusen irudi arrosa amarentzat. - Astotxo bat eta kolore askotako arropak dituen panpina eta eserita ibiltzeko orgatxo bat Pepito anaiarentzat. - Txakurtxo bat Cesarin anaiarentzat. - Zetazko gorbata eta Ama Birjinaren irudi bat amonarentzat. - Perlita zuriz betetako urrezko jostorratz bat, aingerutxoen irudi txuria, jantzi beltza eta txapela Constancerentzat. - Jostailuak ume behartsuentzat. Xabier Etxeberria Lasa