Submitted by ereiten on
Egun ez dago Erregistro Zibil publikorik gabeko udaletxerik, ez luke egon beharko behintzat. Ezinbesteko estatistika tresna bilakatu den hau orain dela mende eta erdi inguru hasi zen espainiar lurraldeko udaletxeetan zehar zabaltzen, ordura arte soilik parrokietan jasotzen baitzen aztergai daukagun Erregistro Zibilak biltzen duen antzeko informazioa. Parrokia hauetan demografikoki azpimarragarriak ziren gertaerak jasotzen zituzten (jaiotzak, ezkontzak, heriotzak, . . .), garai hartan estatu moderno baten kontrolerako ezinbesteko zen informazioa alegia. Image removed.1841an gaur ezagutzen dugun Erregistro Zibila sortzeko lehen pausoak ematen hasi ziren liberalak. Madrildik bidalitako aginduen arabera, 500 biztanle baino gehiago zituzten herri guztiak behartuta zeuden erregistroa aurrera eramatera, horretarako, jaiotzen, ezkontzen eta heriotzen kontuak jasoko zituzten hiru liburu izatea behartzen zelarik. Azken finean, parrokietan eramaten zen erregistro sistema berdina erabiltzen zen, baina oraingoan parrokian bertan egin beharrean udaletxeetan egiten zuten. Erregistroaren arduradunek egiten zuten gauza bakarra parrokoek bidaltzen zieten informazioa goitik behera udaletxeko liburuetan sartzea zen. Akta liburuek diotenaren arabera, aipaturiko erregistroa sortzearen agindua 1843ko otsailaren 24an iritsi zen Getariara: “. . .expone el establecimiento de los registros civiles usando las reglas que se han de seguir al efecto y remitiendo los libros necesarios, y se acordo que se satisfaciere el importe de tres libros y se diese cumplimiento en el modo posible a lo que se ordenaba” 1841etik 1870era arte indarrean egon zen erregistro horri behin behineko izaera eman zitzaion, egun ezagutzen dugun Erregistro Zibilaren aurrekari modura kalifika daitekeelarik. Gaur erabiltzen dugun Erregistro Zibila ez zen 1871era arte sortuko, benetan autonomoa eta Elizarekin inongo erlaziorik gabea. 1841etaik 1870era indarrean egondakoa guztiz ordezkatu zen, eta aldi horretako liburuak udaletxeetako dokumentu historiko sinple eta balio askorik gabeak izatera igaro ziren. Xabier Etxeberria Lasa Irudia: 1841eko Verako (Almeria) jaiotzen Erregistro Zibilaren liburua. Iturria: http://blog.vera.es/cultura/2016/10/26/pedro-el-morato-pedro-maria-alonso-morata-octubre-de-1841/