
Itsas gora, Narrondo eta Urola ibaiak, hondarrezko haitzak,… itsasoari begira bizitoki bat antolatzeko grina handia behar zuten gero gure aurrekoek. Behar bada horregatik Bedua edo Oikiako ibia nahiago zuten. Horregatik ere, inguruko mendi magaletan nahiago bizi. Beharrak bultzatuta, baina, ingurune horietan bizi zirenek gune libre bat behar zutela erabaki zuten. Lege, epaile, arau propio. Itsasoa eta lehorra lotzeko premiak asetzeko adinekoa. Narrondo eta Urolaren gainean pasatzea ahalbideratzen zuen zumeetako ibia lehenetsi zuten horretarako: Zumaia, hain zuzen ere.
1347an hartutako erabakia izan zen. Horrek ez du esan nahi egungo Zumaia basamortu bat zenik. Esan nahi duena da gizakiok unean uneko erabakiak hartzen ditugula, gure beharren arabera. Eta orduko erabakia izan zen Zumaia izeneko guneari hiribilduaren maila juridikoa ematea.
Erabaki
horren ondorioetariko bat udal artxiboa sortzea izango zen, noski. Eta
artxiboan bertan Zumaia hiribildua izan aurreko agiriren bat gordetzen
da.*
Zeinek hartu zuen erabaki hori? Zeinek pentsatu zuen Zumaia toki egokia zela hiribildu gisa antolatzeko? Kokapen on eta egokia topatzea eta hiribilduaren titulua jasotzea beharrezkoa da bizitoki bat antolatzeko, noski. Baina ezer baino lehen komunitate baten nahia dugu oinean, Elena Barrenak hiriko mendeurrenean bikain azaldu zuen bezala. Barrenak berak Zumaiaren proiektua inguruko biztanleek bultzatua izan zela argitzen du. Horren harira, hiri berriaren antolakuntza nabaritu ziren hainbat izen aipatzen ditu berak: Dornutegi, Arteaga, Otxango, Liziobiaga, Matanka. Hau da, Artadi eta Oikiako biztanleak.
Izaki politikoak, eta Zumaia berria hala izango da, ez dira ezer ezetik sortzen, baina hauek sortzeak gizakien borondatea du abiapuntu. Nahiak, beharrak, itxaropenak, bizimodua hobeto antolatzeko sortzen dira, eta gizarteak unean uneko horretarako formulak bilatu eta gauzatu egiten ditu.
Artxiboak hori ere gogoratu ez ezik azaldu eta erakutsi egiten du.
*Argazkian, hiri gutunaren aurreko agiri zoragarria dugu. Izan ere, Zumaiako artxiboan gordetzen den dokumentu orijinalik zaharrena ez da herriari maila politiko berria ematen diona; aitzitik, bertako Andre Maria monastegiari egiten dio aipamena (“monasterio de Sancta María de Çumaya, que es en Guipúzcua”), eta 1292koa da. Izatez, dokumentua ez da oso luzea eta edukiak ez du zehaztasun handirik ematen. Edonola ere, horrek ez dio inolako baliorik kentzen; aitzitik, hiribildu maila eskuratu baino lehenagoko garaia eta lurralde antolakuntzaren aztarna bikaina da.
Zumaiako agiri hau artxiboko zaharrena da, baina ez dago zahartuta. Guregana egoera oso onean iritsitakoa dugu, tolesdurak tolesdura eta zintzilikatutako berunezko zigiluaren galera kenduta. Pergaminozkoa da, kolore biziz apaindutakoa. Zalantzarik gabe erdiko aldea da lehen begiratuan erakartzen gaituen elementurik nabarmenena, eta berau da dokumentuaren tipologia definitzen duena. Izan ere, pribilegio errodatua (“rodado”) dugu eta halako agiriek izen hori eskuratzeko arrazoirik nagusiena, bere ezaugarri estetikoetatik dator: dataren ondoren “gurpil” edo borobil handi bat agertzen da, erdian errege-zigilu edo zeinua/armak dituena. Gurpil horrek, beraz, ematen die izena halako dokumentuei.
David Zapirain
- Log in to post comments