Submitted by ereiten on
Image removed.

Mugerren jaio zela bagenekien. Orain arte hori 1772. urtean gertatu zela uste genuen. Zalantza dugu, baina, ez ote zen 1769ean izan. Urte batean ala bestean, bere bizitza ez zen asko aldatuko. Ogibidea zapatugilea ala zapatu saltzailea zuen. Zapaterillo francés deitzen zioten ere Pedro Kaderazar jaiotzez zen Frantses ttippiari.

Txikia izanagatik, haren etsaiengan beldurra sortarazten zuen. Etsaiek loratu zuten eta haren bizkortasuna eta trebezia. Etsaia loratzea nork bere burua zuritzeko bide makala ez da.

Bidaiak, lapurretak, ihesaldiak, amodioa, jaiak,…

Balentriak ala miseriak ote?

Haien berri Bandoleros vascos liburuan eman genituen.

Han, Melillan utzi genuen Frantxes ttipia; aske. Edo askatasuna berreskuratuta. 1816. urtea zen.

Zenbat urte preso? 15 pasatxo? Ez zen kopuru oso ohikoa. Ez du ematen osorik betetzea ohikoa zenik ere. Beste lagunen ihesaldiak, bat baino gehiago dokumentatu genuen eta. Jakin mina betiko izango dugu: Ederrekin eta haurrarekin elkartzea lortuko al zuen? Mugerrera itzuliko al zen? Ala Iruñera eta Oiartzuna? Edo Elgoibar ala Ermura? 20 urterekin izan ez zuen etorkizuna 45 beteta orainaldia bihurtuko al zitzaion?

Hara non, ustekabean, Beethovenen Wellingtons Sieg, op. 91-k loratzen zuen gertakizunean topatu dugu Kaderazar!

Ta zer egiten zuen ba gure gizonak Gasteizen 1813ko ekainean?

Izan ere, heriotza zigorra ezarri ez bazioten ere, agian Giñi eta Agirre hiltzearekin agintariak ase zirelako, ordainean Filipinetan 10 urte pasa behar zituen. Hango presondegi militarrean bortxazko lanetan.

1813ko azaroan, berriz, epailearena urrean agertzen da deklarazioa ematen, beste behin ere (GAO: CO CRI 1813-2).

1802. urtean epaitua eta zigortua izan ondoren, Kaderazar ezin izan zuten Filipinetara bidali. Jada ez zegoen modurik preso bat hara erbesteratzeko. Horregatik, La Motako presondegi militarrean atxiki zuten. Herrialdeko presondegirik makurrena zen hura.

1811ko urtarrilean, berriz, frantsesek Gasteizera eraman zuten, beste 41 presokin batera. Han, lan publikoetan izan zituzten, behartuak; katez loturik.

1813ko ekainaren 21an, baina, San Prudentzioko elizan aurkitu zituen ofizial ingeles batek; honek presoak askatzeko zaindariari esan bezain pronto, hauek ospa egin zuten, katea eta guztiz. Zaindariek ez zuten ezta giltzarrapoak irekitzeko betarik izan. Alava jeneralak Gipuzkoako batailoietan erroldatu omen zuen Kaderazar. Muñoz izeneko ofizialaren bidez, Ugartemendia koronelak zaintzalditarako (“guarda de prevención”) hartzen du.

Gipuzkoan bueltan, Kaderazarren izena ez zen oharkabean pasa eta Gipuzkoako Buru politikoak, Antonio Garces Marcillak, Frantses ttippia atxilotzea erabakitzen du. Berarekin batera, antzeko egoeran zeuden beste bi lagun.

Hernaniko udalak, han epaitu baitzuten azkenengoz, garraio faltagatik zigorra Filipinetan bete ez duela eta La Motan eta Gasteizen preso egon dela baieztatzen du.

Epaileak Kaderazarrek zigorra bete duen ala ez erabaki behar du. Fiskalak zigorra bete gabe dagoela argudiatzen du. La Motan egoteari zigorra izatea ez deritzo. Han, askatasun zibilik eta zaintzapean bai, baina diru publikoz mantendu dute eta Gasteizen lan behartuetan izan bada ere, Donostiako egonaldia arin aizan da: “no se puede poner en balanza con los duros y penosos travajos que hubiera padecido en los expresados presidios juntamente con otras privaciones consiguientes a todo presidiario“.

La Motan gorriak pasa zituzten presoek, batez ere 1798. urtetik aurrera, orduko ihesaldi masiboaren ondoren. Baina bistan da zer den eskatzen zena: zigorra ez da isolamendua, bakardadea, sustraitik moztea… horrekin batera egindakoaren sufrimendua fisikoaren bidezko erredentzioa aldarrikatzen da.

Ondorioz, dela Filipinetan 10 urtez dela Afrikan 8 bete beharko duela dio. (Hau da, Kaderazar bi zigor ezarri zizkioten; bata Hernaniko asaltoagatik eta beste bat Araetan izandako lapurretagatik. Eta lehena da aitzat hartu zena).

Kaderazarren defendatzaileak, ordea, honek zigorra soberan bete duela dio. Izan ere, La Motan preso izatea egon daiteken zigorrik krudelenetakoa da: “uno de los sitios mas destructores de la humanidad y reserbado para reclusión de hombres convencidos de los mas atroces crimenes y condenados consiguientemente a castigos los más exemplares, por lo mismo en los años de estancia en dicho Castillo, sufrió mi defendido incomparablemente mayores amarguras y opresion que huviera tenido en el presidio a que estaba destinado por lo que y ser indudable que aun se hallaba pribado de la comunicación con gentes y otras varias comodidades de que el presidiario goza”.

Gainera, Gasteizen ere kateatua izan dute (“arrejado”), etengabeko umiliazioan. Hau ere, presondegian egotea baino okerragoa izan da. Kaderazarrek bere burua bolondres aurkeztu izan ez balu, libre egongo zela gaineratzen du.

Ebazpena Kaderazarren aurkakoa da; Ferrolgo presondegira bi urtez. Helegitea, baina, okerragoa: hiru urtez.

Esan bezala, ez du ematen Kaderazar Ferrolera irits izenik. Litekeena da agintariek beste preso bidalketa bat profitatu eta Frantses ttipia Melillara igortzea Ferrolen ordez. Han, behintzat, lizentziatu zuten 1816. urtean.

10 urteak aise beteak.

David Zapirain