
Paris-Madril: heriotzaren lasterketa
1903. urtea kirol-ekitaldi handi baten lekuko izan zen: Paris-Madril automobil-proba. Gerora, ‘heriotzaren lasterketa’ edo ‘lasterketa odoltsua’ bezalako izenekin ezagutu dena, ondoren ikusiko ditugun arrazoiengatik, automobilismoaren historiako lasterketa basati eta arriskutsuenetako bat izan zen. Hasiera batean, maiatzaren 24tik 26ra bitartean egingo zen lasterketa hiru etapatan banatuta zegoen: Paris-Bordele, Bordele-Gasteiz eta Gasteiz-Madril. Zoritxarrez, lehen etapa baino ezin izan zen bete, lasterketa eten egin baitzen.
Ekitaldi handi horren antolaketaren atzean, babesle gisa jardun zuten bi automobil-klub handi zeuden: Automobile Club de France eta Real Automóvil Club de España. Bigarren horrek Alfonso XIII.aren babesa zuen, autoen zale handia baitzen.
Babesle eta parte-hartzaileen artean pertsona dirudunak eta automobil sektoreko izen handiak zeuden, hala nola, Louis eta Marcel Renault, Vincenzo Lancia, eta Charles S. Rolls. Garai hartan, auto batzuek 150 km/h inguruko abiadura har zezaketen; hala ere, gehienek atzeko gurpiletan baino ez zuten balaztarik. Horri gehitu behar zitzaion errepideak asfaltatu gabe zeudela, eta horrek arriskuak areagotzen zituela. Baldintza horiekin, lehiaketaren amaiera aurreikusteko modukoa zen, egungo ikuspegitik ikusita. Parte-hartzaileen arteko lehiakortasuna handitzeko, autoak banan-banan eta minutu bateko tartearekin ateratzeko erabakia hartu zen, izen-emateen hurrenkeran; erabaki horrek oso ondorio txarrak izan zituen. Berehala hasi ziren istripuez, harrapatutako abereez, pilotuez eta hilzorian zeuden oinezkoez hitz egiten. Hainbat oinezkoren heriotzarekin batera, Marcel Renaulten heriotza erabakigarria izan zen lasterketa bertan behera uzteko erabakia hartzeko eta hura Bordelen amaitzeko. Guztira 8 hildako eta 100 zauritu baino gehiago izan baitziren.
Jakina, Villabonako Udal Artxiboak lasterketa famatu honen inguruko dokumentazioa gordetzen du. 1903ko maiatzaren 10ean, Real Automóvil Club de España klubaren gutun bat jasotzen da, ekitaldiaren berri emanez. Ironikoa da honako hau irakurtzea: “Komenigarria iruditzen zaigu gogoraraztea halako autoen abiadura handiak ez duela inolako arriskurik suposatzen”. Jarraian, eguna behar bezala joan dadin bete beharreko aginduak datoz.
Beraz, lasterketaren antolaketa martxan dago eta, horretarako, Gipuzkoako Gobernu Zibiletik euskaraz idatzitako kartel bat jasotzen da, leku publikoetan finkatu beharrekoa. Alde horretatik, bando horretan ikus daiteke nola nahiz eta ziurtatu lasterketa ez zela arriskutsua, Gobernu Zibilak begi txarrez ikusten duela lasterketa:
“Jainkoak daki zer oker ikaragarriyak gertatu litezken Probintzi ontan, ill onen 26-ean, Paristik-Madrilla, gure kamiyo errialetan, chimista bezela pasako diran automovil izena duten eta, baforiaren bidez, neurririk gabe korritzen duten gurdi edo koche mota berriyakiñ”
Zorionez, ez zen ezbeharrik gertatu. Maiatzaren 25ean, autoak herritik igaroko ziren data baino egun bat lehenago, Gobernadorearen telegrama bat jasotzen da: lasterketa bertan behera geratzen da.
BIBLIOGRAFIA
FIDALGO, Rubén. La carrera más mortal de la historia: París-Madrid de 1903. Autocasion, 2020ko maiatzaren 10a [linean]. Hemen eskuragarri: https://www.autocasion.com/actualidad/reportajes/la-carrera-mas-mortal-de-la-historia-paris-madrid-de-1903 , 2025eko urtarrilaren 22an kontsultatua
PEREDA, Marcos. París-Madrid: la carrera de la muerte, CTXT, 2015eko urriak 14a [linean]. Hemen eskuragarri: https://ctxt.es/es/20151014/Deportes/2604/Paris-Madrid-automovilismo-rally-muerte-Renault-Fernand-Gabriel-Alfonso-XIII.htm , 2024ko abenduaren 19an kontsultatua
Irudia: Villabonako Udal Artxiboa (VUA 0214-08)
Miriam Ruiz
