Submitted by iab on

Ereiten kultur zerbitzuen eta Pasaiako Udalaren ekimenez, Kultura Pasaian liburua eman dute argitara Zabaldiya bilduman. Bertan, Pasaiako hiru barrutietan dagoen kultur eskaintza nagusiari erreparatzen dio Garbiñe Ubeda liburuaren egileak. 

Bildumako zazpigarren liburua da Kultura Pasaian. Aurreko sei zenbakietan gai jakin bati heldu zaio, baina zuk landu duzuna bestelakoa da, Pasaiako Udalak sustatzen dituen kultur proposamen garrantzitsuenak batzen ditu. Nolatan?

Pasaian kulturaren alorrean egiten den lana nabarmentzea ezin da helburua. Kontuan hartzeko lana da, baita zinez diskretua ere, ez baitu oihartzun handirik. Baina bertako ekinaldi askok goraipamena merezi dute, bai bikainak direlako, bai eta errotuta daudelako ere; herriko bizimoduaren parte dira aspaldian. Ekinaldi horiek elkarrekin azalduta, herriaren perspektiba errealagoa eta baikorragoa hartzen da, zalantzarik gabe.

Horiek guztiak liburu batean batu eta gero, zer esango zenuke Pasaiako kultur eskaintzaz?

Ugaria eta askotarikoa dela, eta bere horretan harrigarria. Egia esanda, etsenplutzat hartzeko modukoa da, jende asko inplikatzen delako, eta jende horrek mimo handiz egiten dituelako gauzak; bi sosen truke, gainera. Dena esan beharra dago. Kultura suspertzen ari diren talde eta elkarte horiek guztiek arreta handiagoa merezi dute, bai eta eskertza hobea ere diruz. Udalak kontuan hartu beharko luke hori, horretan duelako altxorrik handiena. Gaur egun, turistei begirako ekinaldi arranditsuen sarean erortzeko joera dago, eta halakoak sustatzekoa, herrira dirua ekar lezaketelakoan.

Liburua osatzeko garaian, zer izan da konplikatuena? 

Materiala biltzea ez zen batere erraza izan. Pandemiak bete-betean harrapatu gintuen eta tarte luze batean ezin izan genuen gauza handirik lotu. Beste alde batetik, gauza bisual samar bat egin nahi genuen, baina irudiak ez daude beti eskura. Azkenik, zenbakiei, infografiei eta arloz arloko protagonistei eman diegu tokirik agerikoena, narrazio eta azalpen luzeak baztertuta. Itsusia da nik esatea, baina emaitza interesgarria dela esango nuke.

Zein zentzutan?

Epikotasun arranditsurik gabe, baliabide ekonomiko handirik ez duen herri batek urtero-urtero egiten duen ahalegina kontatzen du, bizitasun handia transmititzen du,  eta berehala harrapatzen da mamia.

Zein funtzio bete dezake liburuak?

Funtzio bikoitza izan lezakeela iruditzen zait. Batetik, katalogo gisa erabil daiteke, eta, horren ildotik, informazio iturri ona izan daiteke: herriko aktibitatea neurtzeko, baloratzeko, txalotzeko eta ezagunagoa egiteko herrian zein herritik kanpo. Eta, bestetik, bilduma bereko liburu guztiek duten funtzioa ere badu: harrotasuna piztea. Pasaia urrun dago perfekziotik, baina herri ekimenetik sortutako kultur ekimen mordoa dago bertan. Eta hori zaila bada, are zailagoa da denboran luze irautea. Eta hortik asko dago Pasaian, liburuak erakusten duenez. Pasaian dagoen kultur eskaintza, dauden baliabideak kontuan hartuta, harro sentitzeko modukoa da.