
Pasaiako badiak Historian zehar izan duen garrantzia ukaezina da. Pisu hori modu desberdinetan gorpuztu da herenegun, atzo eta gaur. Denboraren joan-etorrian askotariko errealitateak ikusi ditugu, beren aztarnak modu eta euskarri ugaritan irudikatuz: jendearen bizipenetan, gizartearen egituraketan, eraikinetan, objektuetan, kartografian edota idatzitako agirietan. Horiek guztiek gure iragana islatzen dute eta bere ezagutzan sakontzeko ezinbesteko tresnak dira, bai egun ikusten duguna ulertzeko, baita duela 50 urte, 100, 200 edo 500 urteko kontuetara hurbiltzeko ere.
Historian zehar josten joan diren kate-begiak ugariak izanik ere, bakoitzari buruz dugun ezagutza-maila desberdina da. Batzuk barneratuagoak ditugun bitartean, beste hainbat lausoagoak dira, denboraren lainoek estali dituzte. Azken horien adibide ditugu Badiak eta Ingalaterrako Bristol hiriak XV-XVI. mendeetan garatutako harremanak eta, horiei lotuta, Pasai Donibaneko San Joan Bataiatzailea elizan dagoen “Bristolgo Kristoa” deritzon irudi edo eskultura.
1. Pasaia-Bristol, harreman ezezaguna?
Erlazio anglo-pasaitarrak gure artean oharkabean igaro dira denbora luzez. Azken hamarkada luzean bideratutako lan batzuk kenduta, haiei buruzko zertzelada batzuk besterik ez genituen. Zorionez, errealitate hori bi norabidekoa izan zen, gurean zein atzerrian jaso zelarik, hemengo dokumentuetan zein han gordetakoetan. Guk gutxi ezagutzen genuen bezala, Ingalaterran aspaldi ziren gaiaz jakitun.
Aurreko ikerketen gerizpean, Evan T. Jones doktoreak, egun Bristolgo Unibertsitatean diharduenak, Bristolek XVI. mendean zehar garatu zuten ontzigintza aztergai izan zuen 1998ko bere tesian, 1539-1546 urteetan begirada jarriz, bereziki. Bertan, oso hitz adierazgarriak ematen zituen aditzera: “Bristol’s Continental trade focused on two areas: Biscay and south-west Iberia. Imports from Biscay consisted of wine from Gascony, woad and salt from south-west France and iron from Guipuzcoa in northern Spain”. Ordutik aurrera, eta Bristolek XV-XVI. mendeetan garatutako merkataritza-harremanen harira, ikerlariak ekimen ugari sustatu ditu. Azpimarragarrienetako bat, 2009an Susan Flavinekin batera burutu zuen Bristolgo XVI. gizaldiko zenbait portu-erregistroen argitalpena dugu, euskaldunei buruzko informazio ugari baitakar.
Michael Barkham doktoreak lan horren inguruan egin zigun aipuari esker, 2012ko urrian Evani lehen e-maila idatzi genion. Orduko hartan, David Martinek eta biok “Errenteria a inicios de la Edad Moderna (1495-1544)” lana amaitu berria genuen. Ikerketa horrek Pasaiako badiak Bristolekin izandako harremanen berri dezente eskuratzeko aukera eskaini zigun. Alabaina, Ingalaterrako iturriak erabiltzeko oso aukera gutxi izan genituen. Ondorioz, eta Evanen lana ikusita, gaiari buruzko galderak helarazi genizkion.
Gutun elektroniko horrek jarraipena izan zuen ordutik, eta urte hauetan elkarkidetza sustatu eta areagotzeko aukera suertatu zaigu: Evanekin ez ezik, Margaret Condon eta Heather Dalton ikertzaileekin datuak partekatzen joan gara. Sare horrek, joan den Uztailaren 5ean Evanek gure artean izatea ahalbidetu du. Oporretan bazetorren ere, bere ekimenez hitzaldi bat antolatzeko aukera izan genuen, Pasai Donibaneko Kultur Aterpean. Ez zen garai erraza: Uztaila, larunbata eta eguerdia. Hori guztia gutxi balitz, hitzaldia ingelesez izan behar zuen, nahiz eta itzultzaile baten laguntza izan.
Baldintza horiekin, bertaratuko zirenak gutxi batzuk izango zirelakoan geunden. Agidanez, oker geunden. Hitzaldiak jendearen arreta piztu zuen eta erantzuna ezin hobea eman zioten gure ekimenari, aparta. Aretoa txiki gelditu zen, bertaratu ziren 40 pertsona pasatxok ikus ahal izan zuten moduan.
Hitzaldiak “Bristol, Pasaia and the ‘Cristo de Bristol’ (c.1453-1600)” izenburua hartu zuen, bi zati nagusitan banatuz. Alde batetik, Bristolen eta Pasaiako badiaren arteko harremanek epe horretan izandako ildo nagusiak aditzera eman ziren. Bigarren zatia, berriz, elizako “Bristolgo Kristoa” izeneko irudiaren inguruan ohar batzuk burutzeko erabili zuen Jones doktoreak.
2. Ardatz nagusietatik...
Ekitaldia 1530eko hamarkadan izandako gertaerekin ireki zen, Endrike VIII.aren 1538ko eskumikatzea eta horrek Europa osoan ekarri zituen ondorio politiko-erlijiosoak jorratuz. Ingurumari korapilatsu horretan, merkatari ingelesek beren erregearen alde egin zuten, bai, baina baita beren interes partikularrak babestu ere, harik legez kanpoko merkataritza-jarduerak erabiltzeraino. Horretan jardun zuen John Smyth-ek, Bristolgo merkatari aberatsenetako batek, 1539an bere itsasontzia Pasaiara bidaliz eta mozkin nabarmenak eskuratuz.
Guregana iritsi den Smythen kontu-liburua horren guztiaren lekuko da, baina ez da elementu isolatua. Bristol eta Pasaiaren arteko harremanak lehenagotik zetozen, Ingalaterrako hiriko portu-erregistro edo aduana-kontuek argi azaltzen duten moduan, eta Evan T. Jonesek horiek baliatu zituen Donibaneko hitzaldia garatzeko.
Ingalaterrako hiriak XV-XVI. gizaldietan garatutako merkataritza-sareen baitan hainbat fase izan zirela ikusi genuen. Hasiera batean, eta XV. mende artek, ordura arte Ingalaterraren zati zen Bordele hiriak zuen Bristolgo merkatuaren zatirik handiena. Alabaina, Ehun Urteko Gerraren amaiera eta Bordele Frantziaren esku geratzeak, 1453an, Bristolen merkataritzaren berregituraketa bat ekarri zuen. Hasieran, 1460ko hamarkadan, Portugalen pisua nabarmena izan zen, baina aldaketak ez ziren hor gelditu. Ingalaterra eta Gaztelako koroek XV. mende amaieran gerturatze-politika bat garatu zuten eta 1492-93rako, Bristolgo merkataritzaren %33 Bizkaiak eta Gipuzkoak osatzen zuten, 1465-66ko kontuetan %4 zen bitartean. Euskal portuen artean, lau gailentzen ziren Ingalaterrako hiriarekiko harremanetan: Donostia, Pasaia, Errenteria eta Hondarribia edo, agiri britainiarrek dioten moduan, “San Sebastian, Passage, Rendry and Fontraby”. Agidanez, Bristolek Gipuzkoa ekialdean jarri zuen begirada, benetako espezializazio bat garatuz.
Merkataritza harreman hauek euskal burdina eta Bristolgo oihalak (eta zerealak) zituzten produktu nagusi. Urrezko aroa 1550 urtera arte mantendu zen., eta gure artean Bristolgo merkatari ugari ikusiko ditugu. Lerrorik nagusienetan, beren egonaldiak laburrak suertatu ziren, aste edo hilabete gutxikoak. Zenbaitek, ordea, denbora luzeagoa eman zuten, bertan finkatuz, ezkonduz eta seme-alabak izanez.
Laino beltzak XVI. mendeko bigarren erdialdean iritsi ziren. Dinamika horrek beherakada nabarmena izan zuen, eta XVII. gizaldian Bristolek burdina inportatu ez ezik, esportatu ere egin zuen, aurreko garai oparoak amaiera emanez.
Aldaketa honen oinarrian Ingalaterrak eta Espainiak 1585-1604 artean izandako gerra jarri ohi da, baina Jones doktoreak gertakari horren garrantziaz zenbait zalantza azaldu zituen, arrazoiak beste nonbaiten bilatu behar zirela adieraziz. Izan ere, Andaluziarekiko merkataritza-harremanak 1575-76 ekitaldian balantzaren %29 ziren bitartean, Euskal kostaldeak %4 soilik osatzen zuen.
Arrazoiak gure arbasoek eskaini zezaketenarekin lotura izan zuelakoan dago Evan T. Jones, hots, burdingintzan eta burdin merkatuan izandako eraldaketarekin. Industria horrek garapen nabarmena ezagutu zuten XVI. mendeko Ingalaterran, eta bertan ekoiztutako metala kanoiak bezalako burdinurtuzko produktuak egiteko oso aproposa zen; horren aproposa, ezen Bristolgo merkatariek gerra garaian Espainiari armak saldu zizkiotela.
Oinarriak oinarri, XVII. mende hasieran Pasaiako badiaren eta Bristolen artean bizi zen merkataritza-harremana aurreko hamarkadekiko arras desberdina zen, mende erdi lehenago ildoak guztiz desagertuak zeudelarik. Guztiz... edo ia guztiz...
3. ...uki daitekeen adibide batera
Pasai Donibaneko elizan bada izen oso adierazgarria duen irudi bat: “Bristolgo Kristoa”, hain zuzen ere. Hitzaldiaren bigarren zatia berari eskaini zitzaion, Badiaren eta Ingalaterrako hiriaren arteko harreman horien baitan zer paper duen aztertu nahian.
Hasteko, Evan T. Jonesek Ingalaterrako arte-historialarien iritziak aditzera eman zituen, Euskal Herrikoek emandakoekin alderatuz. Azterketa sakonagoen zain, ondorioak nahiko orokorrak ziren, baina ez zetozen guztiz bat orain arte mantentzen zen bertsioarekin, hots, Ingalaterran XVI. mende hasieran ekoiztutako pieza baten aurrean geundela.
Alde batetik, egia da halako ikonoak Ingalaterran 1530eko hamarkadan emandako Erreformaren ondoren egiteari utzi zitzaiela, eta horrek orain arteko teoria azal dezakeela. Alabaina, “Bristolgo Kristoaren” itxurak ez du jatorri ingelesa argi eta garbi berrets dezakeen ezaugarririk; are gehiago, beranduagokoa dirudi, eta baliteke halako irudikapen errealistek XVII. mendeko Espainian izan zuten arrakastarekin lotuta egotea. Dena den, Jones doktoreak argi utzi zuen lehenengo iritzi edo usteak direla, eta ikerketa zehatzago batek argi emango lukeela: une honetan inork ez du esaten irudiak ingeles jatorririk ez duenik, Irlarekin lotura zuzena isla dezakeen ageriko ezaugarririk ez duela baizik. Hipotesiek, beraz, irekita jarraitzen dute.
Piezaren inguruko kondaiari dagokionez, hizlariak oso ikuspegi interesgarria aditzera eman zuen. Agidanez, “ikono bidaiariak” edo “ikono errefuxiatuak” ohikoak dira historian zehar, bai Erdi Aroan, baita Islamak XV-XVI. mendeetan Mediterraneoan izandako hedapenaren ingurumarian ere. Errefuxiatu erlijioso hauek beste testuinguru batzuetan ere koka zitezkeen, zer esanik ez XVI. mendetik aurrera Europan eman ziren gatazka erlijioso bortitzak aintzat hartuz.
Kondairak, ordea, pasaitarrek irudia 1518an topatu zutela zioen, Londreseko kanalean. Testuingurua ikusita, ez zen edozein garai. Urte bete pasata zegoen Luterok bere 95 tesiak Wittenberg herriko elizako ateetan eskegi zituela eta Erreformari hasiera eman zitzaiola. Hasieran, Ingalaterraren jarrerak ez zuen ortodoxiarekin hausturarik ekarri. Henrike VIII.a Erromari leial mantendu zitzaion, harik eta bere lehen dibortzio-eskaera 1532an luzatu zuen arte. Marinelek irudia topatu zutenean, Ingalaterra eta Gaztelaren arteko harremanek une gozoak bizi zituzten. Kondairekin bat eginez, Kristoa garai zailak aurreikusteko gai zen ikono horien moduan ikus daiteke, gerta zitekeenaren zantzuak hainbat hamarkada lehenagotik sumatu zitzakeen espiritua balitz bezala. Hortaz, marinel pasaitarrek irudia aurkitu baino, eskultura bera izango zen itsasgizonak bilatuko zituena, Eliza Katolikotik bananduko zen Ingalaterratik alde egiteko.
Evanen hipotesia ez da astakeria. Halako gertakariak badiako biztanleen iruditerian errotuak zeuden Kristoa topatu eta mende betera. Lope Martinez Isastikoak halako pasadizoa bildu zuen 1625ean. Ingalaterran eman zen jazarpenetik babestuz ekarritako irudi bat aipatzen zuen historialari lezoarrak, baina ez zen Kristoa, Bonantzako elizan zegoen eta egun galduta dagoen eskultura bat baizik, Ama Birjina eta Jesus Haurtxoa irudikatzen zituena; hitzaldiko irudiaren inguruan, berriz, isiltasuna zen nagusi.
Egoera hori nahiko adierazgarria da eta, ia ezinbestean, Kristoa ikergai bihurtzen du: noiz egin zen, non gauzatu, Fermin Iturriotzek bildutako kondaira noiz eta nork sortu zen... Izan ere, “Bristolgo Kristoa” ez zen Severn ibaiko hiri garrantzitsu horretan topatu, Londresen baizik. Alabaina, modu batera edo bestera, agerian uzten du Erdi Aro amaieran eta Aro Berriaren hasieran eman zen eta gure artean ezezaguna zen harreman interesgarri bat, Evan T. Jones doktoreak maisuki erakutsi ziguna.
***
Evanen hitzak entzun ahal izatea pagotxa izan zen. Gure iraganari buruz atzerriko datuek ematen diguten ikuspegia partekatu zuen gurekin.
Ekitaldiari amaiera borobila emateko, eta galde-erregu tartearen ondoren, bertaratutakook, tartean Evan bera ere bai, elizara joateko aukera izan genuen Kristoa bertatik bertara ikustera.
Zalantzarik gabe, egun pozgarria izan zen, harro egoteko modukoa; bai Evani esker, baina baita, nola ez, hitzaldia posible egin zuten guztiei esker ere: bertaratutakoei; hitzaldia prestatzen lagundu ziguten Nerea, Lorea eta Daniri; eta hori burutzeko erraztasunak eman eta abegikortasuna erakutsi ziguten Pasai Donibaneko Elizari eta Aitorri, eta Bixi-Bixi Elkarteari eta Asierri. Gure asmoak egia bihurtu zituzten. Bejondeiela!
Iago Irijoa